Agurrak

THE END erakusketa itxi ondoren ikuspegi ekologista batetatik denboraren inguruan hausnartzen tematuak jarraitzen dugu. Agurrak deituriko ekitaldien bidez -kontzertuak, hitzaldiak, paseoak- eztabaida publikoa bultzatu nahi da, Cristina Enea Fundazioan aurkeztutako erakusketako gaiekin lotutako solasaldia.


Monte del Castillo, Puente Viesgo (Kantabria).


“Ez dut naturan naturaltasunik ikusterik lortzen”. Pier Paolo Pasolini

Bioaniztasunaren etengabeko galeraren edo naturaren baliabideen agortzeak sortzen dituen ondorio sozialen bitartez, egungo krisi ekologikoak argi erakusten digu gainontzeko izakiei estuki loturik gaudela kontuan izateak duen garrantzia. Beste hitzetan, geure kabuz ez garela existitzen eta gure autonomia, bidean eraikitzen den zerbaiten gisa ulertu behar dugula adierazten digu.

Berpizkundearen hastapenetatik, gizakiaren zentralitatea zalantzan jarri izan da. Nicolas Copernikori eta berak sortu zuen iraultza zientifikoari esker, unibertsoaren erdian kokatuak geundela esaten zuen ideia zaharra behin betirako agurtu genuen. Darwinek berriz, “aukeratutako” espezie bezala, gure jatorrian biosfera osatzen duten gainerako izakiengandik urruntzen gaituen salbuespenik ez dagoela argitu zigun. Beranduago, Karl Marxek gizabanako librearen garapenean hainbat eta hainbat borroka sozialek jokatzen duten funtzio erabakiorra azpimarratu zigun. Eta ondotik, psikoanalisiaren eskutik etorri zen giza harrotasunak jasan beharreko azkeneko kolpea. Gizakia ez da ezta bere etxearen jaun eta jabe ere, baieztatu zigun Freudek.

Baina bilakaera honetan, pentsamolde ekologista ezusteko berri batekin dator. Mundu honen mugen jakitun, planeta osoa ustiatu beharreko baliabide bihurtu duen logika abstratua zalantzan jartzea proposatzen digu. Gainerako objetuetatik banatu eta aparteko egiten gaituen hori bera kolokan utziz. Ondorioz, gure gorputzak –gure materialtasunak-, bere hauskortasunak, erabilpenari lotutako higadurak eta zaintzaren beharrak gainerako gauzekin partekatzen dituela ulertzeak, bi aukera garbiren aurrean jartzen gaitu: Edo beste gauza guztiekin batera dugun elkarbizitza antolatzen saiatzen gara, edo merkatuari uzten diogu erabaki horiek hartzeko ardura.

Bitxia da. Planetaren amaieraren inguruan pilatzen ditugun irudiak ugariak diren arren, ekonomia  kapitalistaren amaiera pentsatze soilak imajinazio saiakera harrigarriak egitera behartzen gaitu.

Agur hauen asmoa ez da kaltegarri izan diren ideietatik urruntzea bakarrik. Agurra mundua ikusteko moduak eztabaidatzeko espazioa da. Aldaketarako ahalmena oraindik gorde arren, bidean galdu ditugun bizimoduen ebaluaketa da Agurra. Aipatu gizakion erdigune sinboliko horren galerari jarraituz, historiaren bidean pentsatutako Agurra. Azken finean, geure buruarekiko, besteekiko eta munduarekiko ardura birformulatzeko aukera zabaltzen duen zerbait bezala asumitu beharko den galera bat.


LEHEN EKITALDIA
Irailak 30. Igandea. Eguerdiko 12.00etan

Agur THE END. Ajago sokazko laukotea

Ajago laukotearen eskutik Bedrich Smetana eta Dimitri Shostakovitchen obrekin gozatu ahal izango dugu.


BIGARREN EKITALDIA
Urriak 16. Asteartea. 19.00etan

ADIÓS AL CAMPO

Udal Liburutegi Zaharreko sotoan.


HIRUGARREN EKITALDIA
Azaroak 3. Larunbata. Eguerdiko 12.00etan

ADIORIK EZ

Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean.


LAUGARREN EKITALDIA
Azaroak 13. Asteartea. 19.00etan

ADIÓS A LAS COSAS

Udal Liburutegi Zaharreko sotoan.


BOSTGARREN EKITALDIA
Abenduak 11. Asteartea. 19.00etan

AGUR EMAKUMEARI

Udal Liburutegi Zaharreko sotoan.


SEIGARREN EKITALDIA
Abenduak 20. Osteguna. 19.00etan

ADIÓS AL MUNDO

Kaxilda Liburudendan.



 Egitasmoaren folletoa eskuratu
pie